You are currently viewing Abuztuaren 15eko ordutegiak
  • Post category:Bisitatu

Begoñako Amatxu basilikan milaka erromes izango dira datorren abuztuaren 15ean, Jasokunde egunean. Espero dugu lurraldeko bazter guztietako fededunak Bizkaiko zaindariaren oinetara hurbilduko direla otoitz egitera.

Lehenengo meza goizaldeko 4etan izango da eta orduro errepikatuko dira eguerdiko ordu bata arte. Eguerdiko 12etako eukaristia (Elizbarrutiaren webgunean emango da) Joseba Segura gure gotzainak zuzenduko dau. Arratsaldeko lehen meza 17etan izango da eta azkena 21etan, Salbea abestuko da.

Gainera, abuztuaren 14an, jaiaren bezperan, beste bi meza egingo dira arratsaldean, arratsaldeko seietan eta zazpietan.

Andre Mariaren Jasokundearen bederatzigarren egunaren hasiera zela eta, joan den ostiralean Amatxu garai horri zegokion mantu zuriarekin jantzi zen, XVI. mendearen hasieratik iraunarazten den errituala. Belus gorrizkoa, berriz, Mendekoste egunean erabiltzen da, eta urdina, Sortzez Garbiaren egunean.